Ordiziako Jakintza Ikastolan ohiko lan-tresna bihurtu da bloga eta horren lekuko geu gara. Izan ere, iaz, 6. mailan, Ordizia izeneko blogean aritu ginen lanean. Oso interesgarria izan zen eginiko lan guztia eta orain, DBH1ean gaudela, blogari gisa jarraitzeko asmoa daukagu. DBH 1eko blogaren izena Jakinmin da eta gure mailari dagozkion gaiak argitaratzeko erabiliko dugu. Horretaz gain, denok gure bloga izango dugu eta kudeaketarako beharrezkoak diren tresna guztiak erabiliko ditugu (iaztik ezagutzen ditugu eta aurten sakontze maila jorratuko dugu).
Baina, horrek guztiak ez dauka zerikusirik blog honekin, pentsatuko du batek baino gehiagok. Bada, guk ezezko borobila botako dugu. Gure Galtzagorri ez da informatikako proiektua, ez da zerutik jaitsitako ideia dizdiratsu baten ondorioa, ez horixe. Blogintzaren inguruan eginiko lanaren ondorioz, baliabide honek arlo ezberdinetan izan ditzakeen erabilera ezberdinaz eta ekar ditzakeen onuraz jabeturik, bultzatu nahi dugun proiektu berri bat da.
Gure ikastolan, aspalditik, Euskaraz Bizi izeneko proiektuko jarduera ugari egiten dugu Euskararen erabilera sustatzeko. Horien artean, kidetze jarduerak ekarri nahi ditugu gogora. Izan ere, kidetze jarduera horietan, maila bateko ikasleak beste maila bateko ikasleekin kidetzen dira eta elkarrekin jarduera ezberdinak burutzen dituzte ikasturte osoan zehar. Gu, DBH 1eko ikasleok, LH 1eko ikasleekin kidetuta gaude eta testuinguru horretan kokatu nahi dugu blog hau. Gurekin kidetutako ikasleekiko harremana beste bide gehigarri bat izango da blog hau. Hemendik, mezuak igorriko dizkiegu, gure jardueren berri emango diegu, ipuinak kontatuko dizkiegu...
Bestalde, gure ikastolako Euskaraz Bizi taldeko kideek blog hau erabiliko dute euren informazioa guztiokin partekatzeko eta, aldi berean, beste ikastoletako lankideen iritziak, esperientziak... trukatzeko.
Ah!, eta ez ahaztu antzeko proiektu bat aurrera eramango dutela LH 5eko ikasleek HHko 5 urteko ikasleekin. Euren proeiktuaren izena Argitxoren Txokoa da eta oso-oso dotore gelditu zaie.![Validate my RSS feed [Valid RSS]](/images/validrss.png)